San Fermin Ikastola, beste 6 ikastolarekin batera, "Gero bat Gugan 2030" deritzon Hezkuntza Eraldaketa Prozesu sakonean murgilduta dago.
Ukaezina da aldaketa garaiak bizi ditugula eta, hezkuntza arloko eragile askoren arabera, hamarkada honetan aldaketa sakonenak hezkuntzaren munduan gertatuko dira. Izan ere, azken urteetan, ekimen ugari egin dira maila pedagogikoan aurrera egiteko, baita ikastoletan ere, non jarrera berritzailea bere izaeraren parte baita. Urrats horiek, gainera, garrantzitsuak eta sakonak izan dira, baina, agian, dagoeneko bada garaia gauzak NOLA egin pentsatu beharrean, ZER egin nahi dugun pentsatzen hasteko. Hain zuzen, XX. mendea metodologietan pentsatuz igaro dugu, baina, askotan, XIX. mendean sortutako eskola-eredua bera zalantzan jarri gabe. Funtsean, etorkizuneko munduan planteatuko zaizkigun erronkei erantzungo dien eraldatze-prozesu sakona gauzatu behar da, eta, prozesu horretan, beste sei ikastolarekin (Axular Lizeoa, Anoeta, Arizmendi, Laskorain, Txantxiku eta Orioko Ikastola) elkarlanean dihardugu.
Abiapuntu gisa, ariketa erraz eta argigarria egin genuen: pentsa dezagun datorren ikasturtean ikastolan hasten den 3 urteko ikasle batengan. 2038rako gure ikastetxetik alde egingo luke eta, dena ondo badoa, 2042an sartuko litzateke helduen eta lan profesionalaren munduan. Bada, hori da egin nahi dugun lehen galdera: zer beharko du ikasle horrek ordurako? Egungo hezkuntza-sistemak eskaintzen diona nahikoa izango da? Nahikoa izango da Matematikan, Hizkuntzetan, Zientzietan edukiak eta trebetasunak eskuratzea?
Etorkizuna zehazki nolakoa izango den jakitea ez da erraza, inork ez du bola magikorik, baina, gaur egungo egoera ikusita, egin ditugun lan-taldeetan behin eta berriz errepikatuta agertzen diren zenbait ezaugarri aipa ditzakegu: ziurtasunik gabeko mundu batera jotzen dugu, non malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna ezinbestekoak izango baitira aurrera egiteko; askotariko mundu bat izango da; aurreikus daiteke, halaber, taldean lan egiteko gaitasunak garatzeak izango duen garrantzia; eta, batez ere, segurtasunik gabeko egoeretan ibiltzen ikasi beharko dute, igaro berri dugun pandemiak erakutsi bezala.
Jaioturtea edozein izanda ere, beste mota bateko taldeak sor daitezke? Irakasgaiak eta edukiak gure ordutegiaren arabera antolatu behar dira? Eduki konpartimentatua irakasten jarraitu behar dugu? Azterketak egin behar dira beti? Galdera horiek eredu izan daitezke prozesu honen hasieran zalantzan jarri ziren gai asko azaltzeko.
Hezkuntza eraldatzeko proiektu honen beste ezaugarri garrantzitsu bat Mondragon Unibertsitatearengandik jasoko dugun laguntza da, honek ebaluatuko baititu ikasleengan sortu nahi ditugun eraginak, proposatzen ditugun helburuak lortzeko.
Ukaezina da aldaketa garaiak bizi ditugula eta, hezkuntza arloko eragile askoren arabera, hamarkada honetan aldaketa sakonenak hezkuntzaren munduan gertatuko dira.
XX. mendea metodologietan pentsatuz igaro dugu, baina, askotan, XIX. mendean sortutako eskola-eredua bera zalantzan jarri gabe.
Ziurtasunik gabeko mundu batera jotzen dugu, non malgutasuna eta egokitzeko gaitasuna ezinbestekoak izango baitira aurrera egiteko; askotariko mundu bat izango da; aurreikus daiteke, halaber, taldean lan egiteko gaitasunak garatzeak izango duen garrantzia; eta, batez ere, segurtasunik gabeko egoeretan ibiltzen ikasi beharko dute, igaro berri dugun pandemiak erakutsi bezala.